Gabonak

KIXMI ETA OLETZERO

Mito eder hau era honetara kontatzen deusku On Jose Miguel Barandiaran jakintsuak. Kristautasunaren sarrera, eta, ondorioz, mito jentilikoen desagerpena da Euskal Herrian oso zabalduta dagoan elezahar baten gai nagusia. Ataun herritik etorren bertsio baten arabera, jentilak, Aralarko Argaintxabaleta bizkarrean dibertitzen egozan egun batean, Ekialdetik  hodei argitsu bat eurenganatzen ikusi eben. Fenomeno horrek bildurturik, jentil zaharrari deitu eutsoen eta inguru hartara eroan hodei misteriotsua ikusi  eta zer esan gura eban adierazteko. Jentilaren erantzuna:"Kixmi jaio dok, gureak egin jok! bota naizue amildegira". Orduan, hodei argitsuaren atzetik, mendebalderantz joan ziran jentilak eta Arraztarango hesira heltzean, Jentilarri deitzen dan harritzar baten azpian lurperatu ziran. Trikuharri hori Barandiaranek, Aranzadik eta Egurenek aztertu eben geroago. Holan amaitu zan jentiltasuna, herri-mitoaren arabera. Baina jentiletariko bat bizirik gelditu zan Aralarko jentilen hondamenditik eta haranera jatsi zan Kixmiren jaiotza iragartzera. Lehenengo misiolari hori Olentzero izenez ezagutzen da gaur egun Euskal Herriko eskualde gehienetan. Horra-horra gure Olentzero!

 GABON-AFARIA

Lehenago, Gabon eguna bijilia eguna zanez ez zan haragirik jaten. Horregaitik gure baserrietan, Gabon gaueko sendi-afarian, orio-aza jaten zan hasieran, herri abestiak dinoskun legez:

Aita Juaniko seme Periko

zer daukak afariteko

orio-aza gozo-gozoa

opil beroagaz jateko.

Bigarren plater lez, karakolak jaten ziran tomatetsu-tomatetsu. Janari hau be bijiliak eragindakoa zan, karakola ez dalako ez haragi ez arrain. Geroagora hasi ziran “ tranpatxuak” eginez karakolei pernil zatiak-eta sartzen.

Hirugarren platera arraina izaten zan, besigua, lebatza edo makailoa, abestiak dinoskun legez: 

Gabon gauean ospatzen dogu 

guztiok afari ona; 

besigu, lebatz, makailo saltsa

bakoitzak berak (ah)al dau(e)na.

Azkenik postreak etorzan, eta , besteak beste, intxaur-saltsa izan dogu bereziena, urtean zehar gordetako etxeko intxaurrak bitarteko. 

Ondo afaldu eta gero txurrunplinplanak, kantuak eta karta-jokoak etorzan loak jo eta errendidu arte. 

Andra Mari Taldekoek gabon kantak abesten dabez afaldu aurretik gero gogotsu afalduteko!

Juan Manuel Etxebarria Ayesta

Los comentarios están cerrados.