Euskal Herriko hainbat inauteri tradizional mantendu eta herritarrei ezagutarazteko ideia mantenduz, aspaldi Altsasuko inauteriak ere egitea erabaki genuen eta horrela egin izan dugu urtero. Inauteri hau oso ikusgarria eta arkaikoa izateaz gain, Euskal Herrian nahiko ezezaguna da (behintzat bere forma zaharrean).
Ohitura zaharrari zegokionez, 1916. urtean egin zen Altsasun azken inauterien errepresentazioa. Gure taldeak, 1976. urtean (60 urte geroago), altsasuarrek oroitzen zuten haritik berreskuratu zuen. 1981-1982. urteetan Altsasura gonbidatu gintuzten berreskuratutako inauteri hori bertan erakutsiz, gaztediaren kontzientziak zirikatuko genituelakoan. Eta horrela izan zen: arrez gero, Altsasuko gaztediak bere inauteria berpiztu egin du eta urtero ospatzen dute kaleetan barrena.
Baina ez da hildakoa berpizteak eman dezakeen harrotasuna honetara bultzatu gintuena. Altsasuko hau, Europako inauteririk zahar eta arkaikoenetariko bat denez, bere esanahia herritarrei erakustea izan zen gure helbururik garrantzitsuenetariko bat.
Inauteri honetako pertsonaia garrantzitsuenetarikoak hauek dira:
Momotxorroak
Behi-gorriaren irudikapen totemikoa eta behi-gorriaren bitartez Mari jainkosarekiko aipamen magikoa ikerle batzuen esanetan. Oso arkaikoa da haien irudia eta esanahia, eta nahiko luzea izango litzateke pertsonaia hau sakonean aztertzea. Labur esateko: kaosaren irudi berbera da. Hamabi bat mutil izaten dira, buruetan adarrak dituen otzara bana daramatelarik; aurpegiak estalita, eskuak eta arropak odolez zikinduta eta eskuan sarda handi bat eramaten dute. Saltoka eta zarataka ibiltzen dira ikusleak erasotzen, beldurtzen eta zitalkeriak egiten.
Emankortasuna eta Bizitzaren Komitiba
-Idi bikotea eta goldea: gero ereina izango den lurra zabaltzen dutenak. Idi bi, idizaina eta idizainaren laguntzailea den mutikoak osatzen dute.
-Erailea: gariaren emankortasuna lurraren sabelean ereiten duena.
-Aza-erailea: aurrekoaren modukoa. Aza-eraileak laguntzaile petral bi daramatza batzuetan. Pertsonaia hauek lan egiten dute baina alferkeriaren eta baldarkeriaren satira txiki bat ere egiten dute: aterki apurtuarekin, jendea urez bustiz, lan apur bat egin ostean ardoa edaten geldituz,…
-Bataioa: emankortasunaren fruitua da, hau da, jaio berria edota bizitza. Hemen bikote bat ikusi dezakegu, besoetan seme jaioberria duelarik eta ingurukoei gozokiak botatzen. Inauteri giroaren barruan, umea jende aurrean erakusten dutenean ur txorrotada bat botatzen diote aurpegira.
Maskarak edo konparsak
-Ziripotak: Giza itxurako baina aurpegirik gabeko arimak dira, Hildakoen gorpuetan liberatu ezinik geratu diren arimak, Neguan lurraren sabelean iraun duen hartzak ilargirantz liberatuko ditu arima hauek. Euskal Herriko ia inauteri guztietan ditugu. Pertsonai hauek sagi lodi baten antza daukate eta sarritan lurrera jausten dira danon barregurarako.
-Atsoa eta gaztea: atsoa, joandako urtaroa, andrea, emankorra; gaztea, datorren urtaroa, gizona, emankortasunaren eragilea. Amaitzen den urtaroak datorren berria dakar bere lepo gainean. Kasu honetan panpina bitxi bat egin dugu, pertsona bakarra izanda bi direla emanez.
-Hartza eta ijitoak: hartza Europako inauteri guztietako pertsonaia ezinbestekoa izan da; gaur egun batzuetan galduta dago, baina datu pila bat daude bere esanahiari buruz. Labur esateko, natura berberaren irudia da; neguan "hilda" dago eta udaberriarekin batera itzartu egiten da. Gainera gizakiaren antzekoa da eta honek falta duen indarra dauka. Ijitoak, gure mendebaldar pentsaera honetan, ekialdetik datoz:
Hungariatik, Errumaniatik, etab. Gure kasuan, hauek Errumaniatik datoz, Transilvaniako oihanetako hartza Euskal Herrira ekartzen etorri dira eta errumaniar eta euskal musika eta dantzak egiten dituzte (sarritan nahastuta, ijitoei iruditzen zaien modura). Egia esan, taldeko musikariak elegante egoten dira ijitoz mozorrotuta eta haiekin "hartza" eta domadore bat daramate. Emakumezko eta gizonezko ijito batzuk musikarekin batera dantzan ibiltzen dira eta jendeari bai haien eta bai hartzaren ikuskizunagatik dirua eskatzen saiatzen dira.
-Deabrua: “txarraren” sinboloa izanik petralkeriak egiten, lurretik botata zikinkeriak egiten,…ibiltzen da. Baina pertsonaia hau barregarria da eta momotxorroek berari egiten dizkiete petralkeriak.
-Apaiza eta haurdun alargunak: apaizak, “onaren” sinboloa izan behar duen honek, moral elizkoi bikoitza predikatzen du bidetik zehar, berarekin batera, berak haurdun utzi dituen alargun mordoa daramatza.
Pertsonaia guzti hauek antzezpenetan argi ikusten den legez, adierazten duten metafora guztiek daukate bere alde satirikoa, aldrebesekoa,….; azken baten, inauterien oinarrizkoa den kaosa edo eguneroko arauen apurketa: mundua hankaz gora jartzen du.