Urtebarri eta Santa Ageda

URTEBARRI ETA ERREGEN

Urteko lehen eguna, Urtebarri, eta seigarrena, Apalazio, ilusioz beteko egunak izan dira, batez be, umeentzat. Egun biotan eskuratzen ziran agilandoak baina abestuta, jakina. Urtebarrietan, “ Urtebarri, txarri belarri…” eta Erregen egunean “ Apalazio zalduna…” kantetan zan. Apalazio izena, latineko “apparitio”-tik dator, Errege-Magoen agerpena adierazteko. Beraz, zaharra dogu Apalazio izena. Baina  ikastolak sortzen hasi ziranean, On Jose Miguel Barandiaranek jasotako Olentzeroren mito zaharra berreskuratu gendun eta Gabon gauera ekarri. Umeak pozik. Gabonetan opariak, opor guztietarako, eta zuertatu ezkero, Erregen bezperan be barriro. Ohitura biak daukaguz bizirik, San Nikolas txikia  ahaztu barik. 

  SANTA AGEDA

Santa Ageda, zezeilaren 5ean ospatzen da baina bezperan, besteak beste, santeari dagokion kopla-kantu-hotsa dogu gure ohituretako bat. Kantu-hotsari laguntzeko, abeslari bakoitzak bere makila eroaten dau kantua eta erritmoa bateratzeko. Kopla zein bertsoetan, hasteko, agurra, eta gero Agate Deuna martiriaren bizitza kantatzen da. Azkenean beste agur bat  agilandoa lortzeko, tokian tokiko pertsona estimatuena goraipatuz. Abeslariak, lehenago, kintoak baziran be, gerora beste talde askotara zabaldu da, hobaria norberarentzat edo behartsuentzat izanik. 

Erromatarren garaian be zezeila, purifikazio hilea zan eta jai pagano handiak egiten ziran. Guk, euskaldunok, gaur arte gorde doguz.

Juan Manuel Etxebarria Ayesta