Euskal Herrian zehar Maiak, Erregiñetan, “Las Mayas” etabarreko izenarekin ezagutu izan den ospakizun hau, emankortasunaren inguruko jaia da. Europako herri zaharron bizimodua naturari sakonki lotuta egon da milaka urtetan zehar, bizitza eta heriotza naturaren emankortasunaren araberakoak izan direlako. Horregatik gure ohizko kultura emankortasunari buruzko ospakizun magikoz beteta dago eta euretariko bat dugu maiatzeko erreginen jaia, hain zuzen ere. Maiatza emankortasunaren sasoia da: udaberria, neguko heriotzatik udako bizitzarako pasagunea.
Sakonki begiratuta eta James Frazer irlandar ikerlari ospetsuaren ustez, zuhaitzetako espirituei zuzendutako gurtz zahar bat da (J.G.Frazer, “The golden brough”-New York, 1922). Dirudienez, greziar klasikoen eta geroago erromatarren kulturetan ere baditugu kultu honi buruzko aipamenak: neska gazte-emankorrak zuhaitzetako espirituen bitartez udaberriaren emankortasunari egindako deia.
Europako hainbat herritan ospakizun honek XX. Mendera arte bizirik iraun dau. Euskal Herrian mendearen lehenengo urtetararte Oiartzun, Orereta, Irun, Hondarribi eta Bizkaiko Enkarterrietan kontserbatu zan (Lanestosan esaterako espainieraz abestua gorde izan da, “Las Mayas”). Baztango bailaran, alderantziz, 1963.urtean Larraldetar familiak berreskuratu ondoren, bizirik dirau. Andra Marik ospatzen duen Erreginen eguna Baztanen batutakoa da.
Ospakizun honen funtsezko egitura bardina da leku guztietan: neska gazteak (zuriz jantzita eta lorez horniturik) erregina bat daramate kantuz eta dantzaz, herritarrei “borondatea” eskatuz; ematen dutenentzako bertsoak loratsu eta politak diran legez, benetako madarikazioak luzatzen dizkiote ezer ematen ez diotenei. Eskariak edota “kuestazioa” (kantu etabarren bitartez) “tributo” bat da. Errituala betetzen dutenak, euren lana betetzeagatik, gizarteari eskatzen diote tributoa; erritual hori gizartearentzako onuragarria dalako.
Neskak zuriz jantzita eta burua loraz hornituta, garbitasuna eta bizikortasunaren sinbolo moduan, kalez kale ibiltzen dira abesten, dantzan eta dirua eskatzen. Kasu honetan ere, beste hainbaten legez (San Joanetan esaterako) andrak izaten dira natura handietsi eta etorkizuna ziurtatzeaz arduratzen direnak.