Galdakaoko Andra Mari Eusko Dantzari Taldeak Euskal Herriko Alboka Eguna antolatuko du 70.
urteurrenaren ospakizunen baitan. Maiatzaren 17an egingo da eta egitarau zabala izango du:
kalejira, herri bazkaria, kontzertuak, zozketak…
Albokak garrantzia handia izango du egun horretan, baita Manu Gojenola ikertzaileak ondutako
liburuak ere. 2018an abiatutako lan baten ondorioz, Alboka Egunean bertan egingo da liburuaren
aurkezpena: “Mariano Barrenetxearen alboka mundua. Eskuizkribuak ikertuz”. Soinueneak
argitaratu du liburua Andra Mariren, Barrenetxea sendiaren eta Galdakaoko Udalaren laguntzarekin.
Izugarrizko dokumentazio eta digitalizazio lana suposatu du Mariano Barrenetxea albokari eta
ikertzailearen bilduma osoa lantzea; izan ere, 8000 dokumentutik gora izan baitira, kassetteak,
eskuizkribuak, kartelak, aldizkariak, argazkiak… bilduma osoa Soinueneko web orrian dago ikusgai.
Lan horren emaitza da Alboka Egunean aurkeztuko den biografia liburua, halaber, Barrenetxeari
omenaldia eta aitortza eskaini nahi zaio egun horretan, berak egin baitzituen albokaren inguruko
lehen ikerketak liburuetan dokumentatu, eta hainbat albokarirentzako abiapuntu izan dira.
Manu Gojenolak argitaratutako “Albokaren alde batzuk” liburuan aipatzen den moduan, 1943an
egin zen lehen txapelketa Galdakaon eta, besteak beste, Inazio Uribarri, Antonio “Jitano” Aiesta,
Tiburtzio Elezkano, Txilibrin izan ziren albokarien artean.
1967an, Mariano Barrenetxea bera izan zen Albokarien bilkura eratu zuena, bertan sortu zen
Albokarien, Panderojotzaileen eta Koblarien Alkartea. Hainbat izan ziren gerturatutako albokari
eta panderojoleak: Bilbao aita-semeak, Elezkanotarrak, Benito Iragorri, Pontxo Orue, Romualda
Zuloaga, Maurizia Aldeiturriaga… besteak beste. Handik urtebetera, beste topaketa egin zen
Barrenetxeak antolatua.
Galdakaoko herriak lotura sendoa izan du albokarekin, ia desagertzear zegoenean bertan biziraun
zuen, eta, are gehiago, Andra Mari Eusko Dantzari taldeko taldeko ikurra ere bada eta Euskal
Herriko alboka eguna antolatuta lotura hori indartu nahi da
