San Juan Haretxa

Guk, euskaldunok, ohitura zahar asko gorde doguz historian zehar eta euretariko bat “ San Juan Haretxa”-rena da. San Juan bezperan ipinten da  San Juan Haretxa gure baserrietako etxe-sarrera askotan, lore-xorta eta galburuz apaindurik. Izenak berak dinoskunez, hasieran haretxa izango zan, baina gero leizar landarea nagusitu da, erazago daukagulako nahinon. San Juan Haretxa, Eguzkilorea legez, etxe-babesaren sinbolo gisa erabiltzen da. Aikomen ba etxea babesteko gure euskal ohitura zahar hau, jatorrizkoa zein leku-denboretara egokitua.

SAN JUAN SUAK

San Juan bezpera gauean egiten diran suak, udako solstizioaren ospakizunak dira antzinatik. Gero eleizeak, 21etik 24ra aldatu eta San Juan jaia jarri euskun eta hortik San Juan suak. Sua, argiaren sinboloa da eta udako solstizioan egun argia luzatzen hasten danez, suagaz ospatzen dogu, lehenago neguko solstizioan Gabon-enborra izetuta egiten zan legez. Gaur egun be jarraitzen dogu San Juan suakaz, baina, lehenago, gure baserrietan ohitura gehiago egoan su nagusia egin aurretik. San Juan bezpera iluntzean, galtzupoila edo gari-eskutak hartu, sua emon eta zuziokaz labrantza-soloak inguratzen ziran kantu-hots hau bitarteko:

San Juan bagilean

denpora ederrean

artoak eta gariak gorde

subeak eta sapoak erre

San Juan bezpera gaube.

Behin labrantza-soloak zuzi eta kantuz inguratuz gero, su nagusia izetuten zan. Auzo-giro eder horretan eta sua amatatu ahala, txingar ganeko saltuak eta abar etozan sua guztiz amatatu arte. Galdakaoko Andra Mari taldeak urtero sua  izetu, kantatu eta antzezten deusku San Juan bezpera gaua. 

Juan Manuel Etxebarria Ayesta