Euskal Herriaren historiari buruzko ohar batzuk.
Euskal Herria, Vasconia, Pais Vasco, Navarra, etab. dira euskal nazioari historian zehar eman izan zaizkion izen ugarietako batzuk. Komunitate honek, beste askok bezala, denbora luzea darama auzoko gizarteetako etengabeko erasoen -zehazki esateko, espainiar eta frantses erasoen- aurrean bere bizi iraupenaren alde borrokatzen. Hala ere, euskaldunek beraien bereizgarri propioak mantenduz gaur egunerarte irautea lortu dute.
Euskal Herriaren berezitasun adierazgarrienetako batzuk The mystery people of Europe bezala finkatu dute. Hau da, bere arraza eta hizkuntzaren -Euskararen- jatorriaren ezagutzagabetasunak eta, J.M. Barandiaran edo T. Aranzadi bezalako ospe handiko ikertzaileek, euskal etnia berezitasun zehatz eta propioez hornitutako sustrai paleolitikodun herria bezala sailkatu izanak, euskaldunen herria Europako herri antzinakoenetarikoa bihurtzen dute.
Jadanik erromatarrek Kristo aurreko 218. urtean Iberiara heldu zirenean, euskaldunak komunitate txiro, artzain girokoa eta lau tribu jakinetan (Autrigoiak, Karistioak, Barduloak eta Baskoiak) banatutako komunitate bezala sailkatu zituzten. Erromatar ezarkuntzak, ostera, euskaldunen herriko mediterranear aldean bereziki, akulturazio prozesu garrantzitsu bat ekarri zuen, esaterako, komunikazio sare garrantzitsu baten eraikuntza -bideak.-nekazal teknika eta tresneriaren inportazioa edota nekazal munduarekin zerikusia duten hitzekin hizkuntza aberastea. Erromatar Enperadoretza erori ostean, lehenengo autarkia garai bat eman zen eta ondoren, Franko-Karolingio enperadoretzaren aurka alde batetik eta dinastia musulman batzuen aurka bestetik, euskal tribu ezberdinek burututako hainbat gerrate bide zirela, VII. mendearen amaieran Iruñako erresuma sortu zen, indar militar erasotzaileen aurrean norberaren bizi-iraupena bermatzeko modu bezala. Erreinu honen eraketarekin, lehen euskal erakunde nazional bezala ulertzen dena taxutu zen. Baina 1004/1034. urteen bitartean Antso III.ren erregealdirarte ez da emango euskal komunitatearen erabateko batasuna, hau da, Nabarra edo Navarre erreinuaren egituraketa.
Hala ere, Gaztela, Frantzia eta Ingalaterrako erreinuetako gudarosteek egindako etengabeko erasoek euskaldunen erreinuaren subiranotasuna gutxitu egin zuten apurka apurka. Horrela, Araba eta Gipuzkoa estrategia politiko/militar ezberdinak medio Gaztelako koroaren uztarpera bereganatuak izan ziren 1199.ean; Bizkaiak, bestalde 1379.ean jasan zuen azpiratzea eta 1512 an Nafarroako koroako beste herriek (Behenafarroa izan ezik, hau burujabea izan zen Enrike III erregearen bitartez Frantziako koroari "erantzi" zitzaion arte). Aurretiaz, XIII.mendean zehar, Lapurdi eta Zuberoako lurraldeak Ingalaterrako erreinuaren menpera azpiratuak izan ziren.
Garaiko inperio nagusiengandik aipatutako azpiraketa jasan arren, J. Jimeno Jurío historialari nafarrak adierazten duen bezala, euskaldunak ez ziren erabat asimilatuak izan; horren adibide Batzar Nagusiak edota Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako foru-araubideak ditugu. Instituzio (Erakunde) hauek, ikuspuntu politikotik begiratuta maila legislatibo, maila ekonomiko eta nolabait maila militarrean ere, autonomia gradu bat mantentzen zuten.
Felipe V.ren iritsierarekin, azken euskal erakundeekiko azpiratze politikoa indartu egiten da eta XIX. mendearen zehar, Gerrate Karlista bien ondoren (1833-1876) hegoaldeko euskaldunek autonomia galtzen dute eta honekin batera oraindik indarrean zirauten instituzioak: 1841ean Nafarroa "ley foral" deritzona sinatzera derrigortu zuten, eta 1876 an beste hiru probintziei, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiari, beraien foruak indargabetu zizkieten. Ordurako, 1789 ko frantziar iraultzak eta bere lema Berdintasuna, Anaitasuna eta Askatasuna-k, jadanik iparraldeko probintzietako -Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako-, instituzioak guztiz deuseztatu zituzten, probintziok Atlantiar Pirineoko departamentuan sarrarazi zituztelarik.
XIX. mendearen amaieran, industrial iraultzak eta garai hartan indarrean zeuden ideia erromantizistek, euskal nazioaren ideia modernoari bidea zabaldu zioten. Zehazki, Nafarroan Arturo Campionen ideiak eta Bizkaian Sabino Aranarenak, kontzientzia baten sustraia izan ziren, zeinak gorputz politikoa oso azkar hartu baitzuen Eusko Alderdi Jeltzalean (Partido Nacionalista Vasco) edo EAJ-n (PNV), eta honetatik, beranduago, hainbat banaketaren ondoren, partidu politiko ezberdinak sortuko dira, esaterako ANV, HB, EA, etab.
1936. urtean hasitako gerrate zibilean Francisco Franco Jeneralak lortutako garaipenak, euskal nazioa gehiago hondoratu zuen (oraindino gehiago hondoratu bazitekeen behintzat), euskal kultura propioaren edozein agerpen (hizkuntza, sinboloak, abestiak, ideiak, jokaerak,.) bortizki zigortuz, jipoi, tortura, gartzelaratze eta fusilamenduen bitartez ere bai.
Francisco Franco diktadorearen heriotzaren ostean eta estatu espainiarraren "demokratizazio" prozesu osoan zehar emandako ezkutuko kontrol militar bortitz baten menpe, hegoaldeko euskal probintziak banatuak izan ziren -Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa alde batetik eta Nafarroa bestetik- bakoitzari Antso III Erregearen erregealdian zeukaten subiranotasunatik oso urrun dagoen. autonomia bat eman ziotelarik.
Gaur egun, estatu frantses eta espainiarrek euskal nazioa suntsitzeko daukaten grina ez da eten, horretarako euskal komunitate beraren ukapena darabiltelarik. Euskal nazioak, egun bat eta bestearen ostetik, etengabe, euskal subjektu kultural, sozial eta politiko legez agertzeko daukan zilegizko eskubideen ukapena pairatzen duenaren adibideak ugariak dira. Erasoak jasanez mende luzeak iragan ostean, euskal nazioak bizirik dirau euskal herriaren irautea bermatzen duen entitate politikoa berreskuratzeko asmotan, hau da, euskal subiranotasun nazionala lortu nahian.
Galdakao ( Euskal Herria ), 2017 urtea.